Jump to content

Pribatutasun Politika/Proposatutako berrikuspenak

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki
This page is a translated version of the page Privacy policy/Proposed Revisions and the translation is 100% complete.

(Note: This started off as an exact copy of the current policy as of 2014-05-20T12:13:26.)

Honako hau pribatutasun politika berriaren zirriborroa da, eta zure iritzia jakin nahi dugu. Indarrean dagoen pribatutasun politika hemen irakur dezakezu.
Contents

Aurkezpena

Ongi etorri!

Wikimedia mugimendua printzipio arrunt eta, aldi berean, sendoan oinarrituta dago: bakarka baino askoz gehiago lortu ahal dugu guztiok batera. Wikimedia orriak erosoagoak, seguruagoak eta erabilgarriagoak egiteko moduak bilatzen ditugu, hortaz, ezin gara elkarlanean aritu gure erabiltzaileen informazioa bildu, partekatu eta aztertu gabe.

Gure ustez, informazioaren bilketa eta erabilera gardentasunean oinarrituta egon behar dira. Pribatutasun Politika honetan jasota dago Wikimedia fundazioak, alegia, Wikipedia bezalako Wikimedia orriak barne hartzen dituen irabazi asmorik gabeko elkarteak, nola biltzen, erabiltzen eta partekatzen duen Wikimedia orrien bitartez zugandik jasotzen duen informazioa. Wikimedia orriak erabiltzean, baimena ematen duzu zuri buruzko informazioa biltzeko, transferitzeko, prozesatzeko, gordetzeko, zabaltzeko eta erabiltzeko, Pribatutasun Politika honetan azaldutako moduan. Hortaz, oso garrantzitsua da Pribatutasun Politika hau arretaz irakurtzea.

Hala ere, ez duzu zertan informazio pertsonalik eman jakintza libreko ekimen batean parte hartzeko. Beraz, kontu arrunta sortzeko edo Wikimedia orrietan edukiak txertatzeko, ez dizugu eskatuko, adibidez, zure benetako izena, helbidea edo jaiotze-data emateko.

Ez dugu saltzen edo alokatzen zure datu pertsonalik, ez eta zerbait saldu nahi dizun beste inori ematen ere. Wikimedia orriak erakargarriago eta irisgarriago egiteko eta ondo funtzionatzen duten ideiak identifikatzeko erabiltzen ditugu, eta, horrez gain, ikastea edo ekarpena egitea gustagarria izan dadin. Labur esanda: Wikimedia orriak hobetzeko erabiltzen dugu informazioa.

Azken batean, zuk bezala jakintza librea sustatzen duten pertsonei esker existitzen dira Wikimedia orriak, eta zuen laguntzari esker hazten eta hobetzen dira.

Definizioak

Edonork (ez bakarrik abokatuek) ulertu behar du nola eta zein helbururekin biltzen den berari buruzko informazioa; hori dela eta, Politika hau hizkera arruntean idatzi dugu, goi mailako terminologia erabili ordez. Hala ere, termino jakin batzuk ere erabili ditugu, eta, horien esanahia ulertzen duzula egiaztatzeko, hona hemen zenbait itzulpen:

Jakin dakigu zuotako gutxi batzuek baino ez dituztela ezagutzen Pribatutasun Politika honetan erabiltzen diren hitz teknikoak, hala nola, “jarraipen pixel” eta “cookie”. Terminologia hori ezagutzen ez dutenek eta, adituak izan arren, gogorarazpena behar dutenek Terminoen glosarioa kontsulta dezakete.

Pribatutasun Politika honek barne hartzen duena

Jarraian azalduta dauden kasuetan izan ezik, Pribatutasun Politika honetan araututa dago Wikimedia orriak erabiltzen dituzunean zugandik jasotzen dugun informazioa, bai eta horren erabilera ere. Halaber, gure kideengandik edota hirugarren pertsonengandik jasotzen dugun informazioa arautzen du Politika honek. Pribatutasun Politika honek barne hartzen duenari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jarraitu irakurtzen.

Pribatutasun Politika honek barne hartzen duenaren adibideak

Argi gera dadin, honako hauek biltzen ditu Pribatutasun Politikak, hizkuntza guztietan

  • Gure orri nagusiak (hemen daude: proiektu nagusien zerrenda), adibidez, Wikipedia, eta, horren barruan, erabiltzaile orriak, eztabaida orriak eta iragarki taulak.
  • Gure blog eta APIak (zerbitzu horietarako politika berezia eman badugu salbu).
  • Sakelakoetarako diseinatu ditugun orri eta aplikazioak, gure zerrenda ofizialean daudenak.
  • Bidaltzen dizkizugun mezu elektronikoak, SMSak eta bestelako jakinarazpenak, bai eta zuk guri bidalitakoak ere.

Pribatutasun Politika honek, ordea, ez ditu barne hartzen zenbait egoera berezi, zeinetan informazioa gorde eta prozesatu ahal den. Hala, informazioaren erabilera jakin batzuk beste pribatutasun politika batean araututa egongo dira (esaterako, Wikimedia denda), edo, hirugarrenek emandako zerbitzuen kasuan, hark arautuko ditu (adibidez, hirugarrenek abiarazitako proiektuak Wikimedia Labs). Pribatutasun Politika honek barne hartzen ez duenari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jarraitu irakurtzen.

Komunitateko politikek informazioa arautzen dutenean, CheckUser tresnaren politika kasu, xedapen horiek Politika honetan ezarritako arau eta betebeharrei gehituko zaizkie. Alabaina, ezin dute salbuespen berririk egin, ez eta Politika honen bidez emandako bermeak murriztu ere.

Informazioaren erabilera

Zugandik jasotzen dugun informazio mota, nola eskuratzen dugun, eta nola erabiltzen

Ekarpen publikoak

Wikimedia orrien helburua da zure jakintza munduko beste edozein pertsonarekin partekatzea, eta zure ekarpenak partekatzen ditugu hala eskatu diguzulako.

Wikimedia orriren batean ekarpena egiten duzun bakoitzean (erabiltzaile eta eztabaida orrietan ere bai), erregistratuta geratzen da zer txertatu, ezabatu edo aldatu duzun, eta informazio hori publikoa da. Orriaren historian ikus daiteke noiz egin zen aldaketa hori, eta zure erabiltzaile-izena, baldin eta erregistratuta bazaude; erregistratuta egon ezean, berriz, zure IP helbidea agertuko da. Zure ekarpenak (beste pertsona batzuen laguntzarekin zein bakarka egindakoak) baliagarriak izango zaizkigu tresna berriak edo zuretzat bereziki diseinatutako produktuak sortzeko, edota hobeto ulertzeko Wikimedia orriak nola erabiltzen diren.

Politika honetan kontrakoa adierazi ezean, Wikimedia orrietan egiten duzun ekarpena, zure informazio pertsonala barne, publikoa da, hortaz, bilaketa-tresnen bidez aurki daiteke. Beste hainbat kasuetan gertatzen den bezala, Interneten partekatzen duzun guztia kopiatu eta zabaldu dezake beste edozein pertsonak. Mesedez, ekarpenak egitean ez eman inorekin partekatu nahi ez duzun daturik, adibidez, zure benetako izena edo helbidea.

Kontuan izan edonork erabili ahal dituela, analisiak egiteko edo erabiltzaileei buruzko informazioa ateratzeko, argitaratzen duzun informazioa edo guk geuk eskura ditugun zenbait datu publiko, adibidez, erabiltzailearen herrialdea, bere afiliazio politikoa eta emakumea ala gizona den.

Kontuari buruzko informazioa eta erregistroa

Kontua sortu nahi duzu? Primeran! Ez duzu konturik sortu nahi? Ez dago arazorik!

Ez da derrigorrezkoa kontua sortzea Wikimedia orrietako edukiak irakurtzeko edo ekarpena egiteko, zenbait egoera berezitan izan ezik. Erregistratu gabe ekarpena egiten baduzu, ordea, ekarpen hori zure gailuaren IP helbideari lotuta egongo da, eta datu hori publikoa izango da.

Normalean, kontu arrunta bat sortzeko, erabiltzaile-izena eta pasahitza besterik ez dugu eskatzen. Erabiltzaile-izena publikoa da, hau da, edonork ikus dezake; hortaz, ez erabili zure benetako izena. Pasahitzaren helburu bakarra da kontua zurea dela egiaztatzea. Zure IP helbidea ere automatikoki jasoko dugu, eta aldi baterako gordeko dugu, neurriz kanpoko jokabideak saiheste aldera. Ez dugu beste datu pertsonalik behar (izena, helbide elektronikoa, jaiotze-data eta kreditu-txartel zenbakia ez dira beharrezkoak).

Erabiltzaileen kontuak ezin dira guztiz ezabatu; hala ere, nahi izanez gero, informazioa ezkuta dezakezu erabiltzaile orrian. Arrazoia da ekarpenak egilearekin (zurekin!) lotuta egon behar direla. Hortaz, aukeratu datozen urteetan ere gustuko izango duzun izen bat

Gure erabiltzaileak hobeto ezagutzeko, zerbitzuak haien kokalekura egokitzeko eta zerbitzuak, oro har, nola hobetu jakiteko, zuri buruzko beste datu batzuk eskatuko dizkizugu, hala nola, sexua eta adina. Informazio hori publikoa izango den ala ez adieraziko dizugu, zuk zeuk erabaki dezazun datu horiek eman nahi dituzun ala ez. Informazio hori ematea ez da nahitaezkoa. Ez baduzu informazio hori eman nahi, ez eman. Ez dago arazorik.

Wikimedia orrien erabilerari lotutako informazioa

Wikimedia orriak hobetu nahi ditugu zuretzat, eta, horretarako, jakin behar dugu nola erabiltzen dituzun. Adibidez, zenbatero bisitatzen dituzun Wikimedia orriak, zer gustatzen zaizun, zer iruditzen zaizun lagungarria, nola heltzen zaren Wikimedia orrietara eta ezaugarriren bat maizago erabiliko ote zenukeen beste modu batera azalduko bagenu. Halaber, Politika hau eta gure jarduna gure komunitatearen balioen isla izatea nahi dugu. Hori dela eta, isilpean gordetzen dugu Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzun, Politika honetan adierazitako salbuespenekin.

Automatikoki jasotzen dugun informazioa

Nabigatzaileen funtzionamendua dela eta, antzeko beste webgune handi batzuek bezala, zenbait datu automatikoki jasotzen ditugu Wikimedia orriak bisitatzen dituzunean. Zehazki, informazio hau jasotzen dugu: erabiltzen ari zaren gailu mota (eta, beharbada, gailuaren identifikazio zenbaki bakarra, sakelakoetarako aplikazioaren zenbait beta bertsioren kasuan); erabiltzen ari zaren nabigatzailea eta horren bertsioa; nabigatzailean ezarrita duzun hizkuntza; zure gailuaren sistema eragilea eta horren bertsioa; zenbait kasutan, zure Internet hornitzailea edo telefono konpainia zein den; zein webgunek eraman zaituen Wikimedia orrira; zer orri bisitatu edo bilatu dituzun; eta Wikimedia orrietan egindako bilaketa bakoitzaren data eta ordua.

Labur esanda, Wikimedia orriak erabiltzean zure esperientzia hobetzeko erabiltzen dugu informazioa. Esaterako, helburu hauetarako erabiltzen dugu informazioa: orriak kudeatzeko, segurtasun handiagoa emateko eta bandalismoa saihesteko; sakelakoetarako aplikazioak hobetzeko, edukiak pertsonalizatzeko eta hizkuntza lehentasunak ezartzeko; tresnek ondo funtzionatzen duten ikusteko eta funtzionamendua hobetzeko; erabiltzaileek Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzten ulertzeko, eta hainbat tresnen erabilera aztertzeko; Wikimedia orrien EZAUGARRI DEMOGRAFIKOAK hobeto ezagutzeko eta joerak aztertzeko.

Biltzen dugun informazioa

Gainera, datu jakin batzuk biltzen ditugu etengabe, ohiko teknologiak erabiliz. Oro har, jarraipen pixelak, JavaScript erabiltzen dugu, bai eta “gailuan gordetako datuen" teknologiak ere, hala nola, cookie-ak eta biltegiratze lokala. Jakin dakigu horietako batzuek ez dutela ospe onik, eta asmo txarrekin erabili ahal direla. Hori dela eta, argi utzi nahi dugu zergatik eta zer nolako informazioa biltzeko erabiltzen ditugun.

Erabiltzen dugun teknologiaren arabera, gailuan gordetako datuak edozein izan daitezke, testuak, irudiak, artikuluak (aurrerago azalduta daude), informazio pertsonala (esaterako, zure IP helbidea) eta Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzun erakusten duen informazioa (adibidez, erabiltzaile-izena eta orriak zein ordutan kontsultatu dituzun).

Informazio hori erabiltzen dugu Wikimedia orriak erabiltzea atseginagoa eta seguruagoa izateko, erabiltzaileen lehentasunak ezagutzeko, Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzten jakiteko eta, oro har, gure zerbitzuak hobetzeko. Zure berariazko baimena izan ezean, ez ditugu inoiz erabiliko hirugarrenen cookie-ak. Noizbait aurkitzen baduzu datuak biltzeko balio duen eta zuk baimendu ez duzun tresnarik (adibidez, beste erabiltzaile edo administrari batek nahi gabe jarritakoa), emaguzu haren berri helbide honetan: privacy@wikimedia.org.

Gailuan gordetako datuei, JavaScript-i eta jarraipen pixelei esker, aukera hauek ditugu, besteak beste:

  • Zure esperientzia pertsonalizatzeko, adibidez, zure hizkuntza lehentasunak eta zehaztu dituzun bestelako ezarpenak ezagutzeko balio duten cookie-ak erabiliz; hala, zuri egokitutako zerbitzua eskaini ahal dizugu, eta zure inguruan gertatzen denari edo antolatzen diren ekitaldiei buruzko informazio interesgarria eskaini.
  • Zuretzat interesgarria den edukia azkarrago bidali. Esaterako, biltegiratze lokala erabiltzen dugu irakurri dituzun azken artikuluak zure gailuan bertan gordetzeko; hala, nahi izanez gero, azkar heldu diezaiekezu berriro. Horrez gain, cookie-ak erabiltzen ditugu bilatu dituzun gaiak ezagutzeko eta, horrenbestez, bilaketen emaitzak hobetzeko.
  • Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzun ulertzeko, erabilgarri zaizun hori zer den jakiteko. Adibidez, cookie-ak erabil ditzakegu jarraitzen ari zaren (zerrendan dituzunak) artikuluen berri izateko; horri esker, antzeko artikuluak gomendatu ahal dizkizugu, zuretzat interesgarriak izan daitezkeelakoan.
  • Gailu bakoitzean Wikimedia orriak nola erabiltzen dituzun ikusteko eta, ondorioz, Wikimedia orriak zuretzat eraginkorragoak izateko.
  • Wikimedia orriak erabilgarriago egiteko. Horretarako, besteak beste, cookie-ak erabiltzen ditugu saioa hasten duzunean hira mantentzeko, edota zure erabiltzaile-izena gogoratzeko (dagokion eremuan agertuko da automatikoki).

Gehiago jakin nahi duzu? Erabiltzen ditugun cookie-ei buruzko informazio zehatzagoa, beren indarraldia eta zertarako erabiltzen dugun jakiteko, sartu hemen: Maiz egiten diren galderak.

Ziur gaude informazio hori biltzea lagungarria dela erabiltzaileen esperientzia hobetzeko; hala ere, nahi izanez gero, zure nabigatzailearen ezarpenetan desgaitu ahal duzu. Eskura dituzun aukerei buruz gehiago jakin nahi baduzu, sartu hemen: Maiz egiten diren galderak. Informazioa gordetzea ez da beharrezkoa gure orriak erabili ahal izateko; alabaina, informazio hori gordetzeko baimena kentzen badiguzu, baliteke zenbait funtziok behar bezala ez funtzionatzea.

Datuak biltzeko tresnen bidez zugandik eskuratzen dugun informazioa, arestian aipatutakoa, isilpean gordeko dugu, Politika honetan ezarritakoa betez; hala ere, gogoan izan zure erabiltzaile-izenarekin egiten diren zenbait ekintza erregistro publikoetan gordetzen direla, beste erabiltzaileen ekintzekin batera, eta edonork ikus ditzakeela. Adibidez, erregistro publikoa da Wikimedia orriren batean zure kontua noiz sortu zen jartzea, bai eta beste kontu batzuk noiz sortu ziren ere. Erregistro publikoetan ez da inoiz zure informazio pertsonalik egongo.

Mezu elektronikoak

Helbide elektronikoa eman dezakezu bai erregistroa egitean bai geroago, Wikimedia orriak erabili ahala. Helbide elektronikoa ematen badiguzu, isilpean gordeko dugu, Politika honek ezartzen dituen salbuespenekin. Ez ditugu helbide elektronikoak saltzen, alokatzen edo erabiltzen hirugarrenen produktuak edo zerbitzuak aurkezteko.

Ordea, zure helbide elektronikoa erabiliko dugu Fundazioari, Wikimedia orriei edo Wikimedia mugimenduari buruzko informazioa bidaltzeko, adibidez, zure kontuarekin zerikusia duen zerbait jakinarazteko, Wikimedia orrietan zein politiketan egiten ditugun aldaketak, edo jarraitzen ari zaren artikuluren batean aldaketak egin badira. Mezu elektronikorik bidaltzen badiguzu, mezua, zure helbide elektronikoa eta ematen diguzun bestelako informazioa gordeko dugu , zure eskaerari erantzun ahal izateko.

Nahi izanez gero, jakinarazpen batzuk blokeatu ditzakezu, adibidez, artikuluetan aldaketak egin direnean bidaltzen ditugunak. Beste batzuk, ordea, erabiltzaile guztiek ezagutu beharreko informazioa dute, esate baterako, Wikimedia orrietan parte hartzearekin lotura duen informazio garrantzitsua; horrelako jakinarazpenak nahitaez bidaliko dizkizugu. Nahi baduzu, zer motatako jakinarazpenak eta noiz jasotzen dituzun zehaztu ahal duzu jakinarazpenen ezarpenetan. Mezu elektronikoei eta jakinarazpenei lotutako ezarpenak aldatzeko laguntza gehiago behar baduzu, sartu hemen: Maiz egiten diren galderak.

Inoiz ez dizugu eskatuko zure pasahitza posta elektronikoz (hala ere, pasahitza berrezartzeko eskaera egiten baduzu, posta elektronikoz bidaliko dizugu behin-behineko pasahitza). Noizbait horrelako mezu elektronikorik jasotzen baduzu, emaguzu egoeraren berri, privacy@wikimedia.org helbidera mezua bidalita, mezu horren jatorria iker dezagun.

Erabiltzaileen arteko komunikazio zuzena (adibidez, "Bidali mezua erabiltzaile honi" funtzioa erabiliz); mezu horiek pribatuak dira, eta Wikimedia fundazioaren sistemetan gordeko dira, Politika honek ezartzen dituen salbuespenekin.

Inkestak eta iritziak

Inkestetan parte hartzea aukerakoa da, eta zure iritzia lagungarria zaigu Wikimedia orriak hobetzeko. Inkesten eta iritzia eskatzearen helburuak askotarikoak izan daitezke; hori dela eta, hura bidaltzean edo eskatzean, argi azalduko dizugu zertarako erabiliko ditugun zure erantzunak eta ematen diguzun informazio pertsonala. Ados ez bazaude zure erantzunak eta iritziak erabiliko ditugun moduarekin, lasai, ez duzu zertan inkestari erantzun edo iritzia eman.

Kokalekuari buruzko informazioa

GPS eta kokalekua zehazteko bestelako teknologiak

Zenbait funtzionalitatek hobeto funtzionatzen dute non zauden dakigunean. Hala ere, aukerakoa da geolokalizazio tresnen erabilera onartzea, hortaz, zeuk erabaki. Ados bazaude, GPSa (eta kokalekua ezagutzeko erabili ohi diren bestelako teknologiak) erabiliko ditugu eduki interesgarriagoak eskaintzeko. Teknologia horren bidez bildutako informazioa isilpean gordetzen dugu, Politika honek ezartzen dituen salbuespenekin. Horrelako teknologiak nola erabiltzen ditugun hobeto jakiteko, zenbait adibide dituzu Maiz egiten diren galdera atalean.

Metadatuak

Batzuetan, automatikoki jasoko dugu zure gailuaren kokapena. Adibidez, sakelakoaren bidez Wikimedia Commons aplikazioan argazkia kargatzen baduzu, zure gailuak zuzenean emango digu metadatuak, hala nola, non eta noiz egin den argazkia. Gogoan izan arestian deskribatutako informazioa (gailuaren kokapena) GPS bidez lortzen dela, baina zure gailuak, besterik adierazi ezean, argazki edo bideoen metadatuak ere gordetzen dituela. Beraz, Wikimedia orrian kargatzen duzunean, datuok bidaliko zaizkigu. Argazkia edo bideoa kargatzean matadatuok bidali nahi ez badizkiguzu, aldatu zure gailuaren ezarpenak.

IP helbideak

Horrez gain, Wikimedia orriren bat bisitatzen duzunean, Interneten sartzeko erabiltzen ari zaren gailuaren (edo proxy zerbitzaria)IP helbidearen berri izango dugu, eta horren arabera jakin dezakegu zein den zure kokalekua. IP helbideak isilpean gordetzen ditugu, Politika honek ezartzen dituen salbuespenekin. Adibidez, ekarpenen bat egiten baduzu zure erabiltzailearekin saioa hasi gabe, zure IP helbidea erregistratuko da behin betiko, eta publikoa izango da. Zure sakelakoaren bidez Wikimedia orriren bat bisitatzen baduzu, zure IP helbidea erabiliko dugu zerbitzu hornitzaileei eskualde jakin batzuetako erabilera-bolumenari buruzko informazio anonimo edo osagarria emateko. IP helbideak erabiltzen ditugu ikerketak eta analisiak egiteko; eskaintzen dizkizugun edukiak, albisteak eta ezarpenak pertsonalizatzeko; spam mezuen, nortasun lapurreten, malwareen eta bestelako gehiegizko erabileren aurka egiteko; eta sakelakorako zein beste gailuetarako aplikazioak hobetzeko..

Partekatzea

Noiz partekatuko dugu zuri buruzko informazioa?

Zure baimenarekin

Ados bazaude, zuri buruzko informazioa partekatuko dugu, helburu zehatz batekin. Informazio gehiago duzu adibideen zerrendan, hemen: Maiz egiten diren galderak.

Lege arrazoiak

Indarrean den lege-agindu, zitazio, agindu judizial, lege edo araudiren bati, edo bestelako agindu judizial zein administraziori erantzuteko nahitaezkoa dela uste badugu, zure informazio pertsonala atzitu, gorde edo partekatuko dugu. Erabiltzaile bati buruzko informazio-eskaeraren bat legezkoa ez dela edo gehiegizkoa dela uste badugu, eta erabiltzaile kaltetuak ez badu nahi bere kabuz eskaerari uko egin, gure esku dagoen guztia egingo dugu bere pribatutasuna babesteko. Lege-agindu baten ondorioz zuri buruzko informazio pertsonala partekatu behar badugu, posible den heinean, hamar (10) egun lehenago jakinaraziko dizugu, gutxienez, posta elektronikoz. Hala ere, legez ezin bagara zurekin harremanetan jarri, informazio-eskaera horren berri emateak hiltzeko edo osotasun fisikoa kaltetzeko arriskua eragiten badu edo helbide elektronikorik eman ez badiguzu, ez dizugu eskaeraren berri emango.

Pribatutasun Politika honetan ezarritakoak ez du mugatzen hirugarrenen informazio-eskaeren aurrean (zibilak, penalak zein administratiboak) zeure burua defendatzeko duzun eskubidea. Horrelako eskaeraren bat egiten bada eta zurekin lotura badu, berehala lege-aholkulari bati laguntza eskatzea gomendatzen dizugu.

Informazio gehiago nahi baduzu, irakurri Zitazioei buruz maiz egiten diren galderak.

Elkartea eskualdatzen bada (probabilitatea oso txikia da!)

Fundazioa eskualdatzeko probabilitatea oso txikia da. Hala ere, halakorik gertatzen bada, edo fundazioa berrantolatzen bada (adibidez, fusionatzea, kontsolidatzea edo besteren batek fundazioa eskuratzea), hasieran isilpean mantenduko dugu zure informazio pertsonala, Politika honek ezartzen dituen salbuespenekin, eta egingo diren aldaketen berri emango dizugu Wikimedia orrien, iragarki baten (WikimediaAnnounce-L) edo antzeko posta-zerrenden bidez. Abisu hori zure datu pertsonalik eman edo pribatutasun politika berria aplikatu baino hogeita hamar (30) egun lehenago jasoko duzu, gutxienez.

Zu, gu eta hirugarren pertsonak babesteko

Guk geuk, edo zenbait administrazio eskubide dituzten erabiltzaileek, jarraian azalduta dagoen bezala, zuri buruzko informazioa partekatu beharko dugu ezinbestekoa bada gure Erabilera Baldintzak, Pribatutasun Politika hau eta Fundazioaren zein komunitatearen bestelako politikak betearazteko, edo, horiek bete ez direla uste denean, ez-betetzea ikertzeko. Halaber, baliteke zuri buruzko informazioa erabili edo partekatu behar izatea mehatxu edo egintza legalen aurrean ikerketa egiteko eta geure burua defendatzeko.

Wikimedia orriak elkarlanean oinarrituta daude, hortaz, erabiltzaileek idazten dituzte politika gehienak, eta haien artean erabakitzen dute nortzuk izan ahal dituzten zenbait administrazio eskubide. Eskubide horien artean daude, adibidez, informazio pertsonala atzitu ahal izatea, beste erabiltzaileek duela gutxi egindako ekarpenen eta ekintzen harira. Eskubide hori erabiltzen dute bandalismoa eta neurriz kanpoko erabilerak saihesteko, beste erabiltzaileen jazarpenei aurre egiteko eta, oro har, Wikimedia orrietan jokabide desegokiak ezabatzeko. Erabiltzaileek beraiek hautatutako administratzaileen talde horiek pribatutasun eta konfidentzialtasun jarraibide propioak dituzte, baina denek errespetatu behar dute gure Publikoa ez den informaziorako sarbideari buruzko politikan ezarritakoa. Erabiltzaileek beraiek hautatutako administratzaileen talde horiek kontuak eman behar dizkiete gainerako erabiltzaileei, kontrolen eta balantzeen bidez: erabiltzaileak komunitate-mailan egindako prozesu bidez hautatzen dira, eta besteek beren ekintzak gainbegiratu ahal dituzte, izan ere, haien ekintzak historian gordetzen dira. Alabaina, Wikimedia fundazioak ez dakizki erabiltzaile horien benetako izenak.

Espero dugu inoiz horrelakorik ez gertatzea, baina, norbaiten heriotza edo kalte fisiko larria gerta daitekeela uste badugu, edo gure elkartea, azpiegiturak, langileak, kontratistak, erabiltzaileak edo bestelakoak babesteko beharrezkoa bada, zure datu pertsonalak jakinaraziko ditugu. Halaber, zure informazio pertsonala zabalduko dugu baldin eta beharrezkoa bada spam mezuak, malwareak, iruzurrak, neurriz kanpoko erabilerak, legez kanpoko ekintzak eta segurtasun- arazoak zein arazo teknikoak hautemateko edo prebenitzeko. (Informazio gehiago nahi izanez gero, zoaz Maiz egiten diren galderak atalera eta ikusi adibideen zerrenda.)

Zerbitzu hornitzaileak

Ahalegin handia eginda ere, ezinezkoa da den-dena guk egitea. Hori dela eta, zenbait kasutan, beste zerbitzu hornitzaile edo kontratista batzuk erabiltzen ditugu; haien laguntzarekin, Wikimedia orriak kudeatzen eta hobetzen ditugu, zure eta beste erabiltzaile guztien mesedetan. Horretarako, zerbitzu hornitzaile edo kontratista horiei sarbidea ematen diegu erabiltzaileen informazio pertsonalera, beharrezkoa baitute guri zerbitzuak emateko eta beren tresna edo zerbitzuak erabiltzeko. Neurriak hartzen ditugu, hala nola, konfidentzialtasun akordioak, egiaztatzeko zerbitzu hornitzaileok, zure informazio pertsonala erabiltzean, Politika honetan ezarritakoa betetzen dutela, eta zure pribatutasuna errespetatzen. (Ikusi adibideak hemen: Maiz egiten diren galderak.)

Ezagutu eta esperimentatu

Wikimedia orriek darabilten softwarea, kode irekikoa, software garatzaile boluntarioen ekarpenen emaitza da. Boluntario hauek kodea idazten dute, eta probak egiten dituzte, gure erabiltzaileen beharretara egokituta egon dadin beti. Beren lana errazte aldera, garatzaileei sarbide mugatua ematen diegu zure informazio pertsonala duen sistemara, baina soilik Wikimedia orriak hobetzeko behar duten horretarako.

Era berean, pertsonala ez den informazioa edo informazio osagarria partekatzen dugu ikertzaileekin, adituekin, akademikoekin eta Wikimedia orriak aztertu nahi dituzten beste pertsona interesdunekin. Informazio horri esker, Wikimedia orrien erabilera, bistaratzeak, erabiltzaileen ezaugarri demografikoak eta joerak ezagut ditzakete. Gainera, ikerketen emaitzak parteka ditzakete gurekin eta erabiltzaileekin, eta hori lagungarria da Wikimedia orriak hobeto ezagutzeko eta hobetzeko.

Garatzaileei edo ikertzaileei sarbidea ematen diegunean datu pertsonaletara, baldintzak jartzen ditugu, adibidez, datuok babesteko neurri teknikoak eta kontratuak. Horien bitartez egiaztatzen dugu zerbitzu hornitzaileok, zure informazio pertsonala erabiltzean, Politika honetan ezarritakoa eta emandako argibideak betetzen dituztela. Garatzaileek edo ikertzaileek beren ikerketen emaitzak argitaratu nahi badituzte, zure datu pertsonalik ez zabaltzeko aginduko diegu. Hala ere, garatzaileei eta ikertzaileei baldintzak ezarri arren, ezin dugu bermatu gurekin adostutakoa beteko dutenik, ez eta beren proiektuak gainbegiratuko ditugunik ere. (Berridentifikazioari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sartu hemen: Maiz egiten diren galderak.)

Zuk argitaratzen duzuna

Wikimedia orrietan argitaratzen duzun informazio guztia publikoa da. Adibidez, eztabaida orrian zure helbidea idazten baduzu, informazio hori publikoa da, eta Politika honek ez du babesten. Era berean, erregistratu edo saioa hasi gabe aldaketarik egiten baduzu, zure IP helbidea publikoa izango da. Zure erabiltzaile orrian edo beste inon zure datu pertsonalik eman aurretik, pentsatu ondo zuri buruzko zer nolako informazioa partekatu nahi duzun.

Babesa

Nola babesten ditugu zure datuak?

Zure informazioa babesten dugu baimena ez duen inork ikusi, erabili edo zabaldu ez dezan. Hainbat neurri fisiko eta tekniko, politika eta prozedura erabiltzen ditugu (adibidez, sarbidea kontrolatzeko prozedurak, suebakiak eta segurtasun neurri fisikoak) gure sistemak eta zure informazio pertsonala babesteko. Zoritxarrez, datuen transmisioa eta biltegiratzea ez dira guztiz seguruak, beraz, ezin dugu bermatu inork gure segurtasun neurriak urratuko ez dituenik (bide teknikoak erabiliz edota gure politiketan eta prozeduretan ezarritakoa ez betez).

Noiz arte gordetzen ditugu zure datuak?

Zugandik jasotzen dugun informazio pertsonala ahalik eta denbora laburren gordetzen dugu, betiere, Wikimedia orriak kudeatzeko eta hobetzeko, edota AEBko legedia betetzeko nahikoa. Pertsonala ez den informazioa, berriz, nahi dugun arte gorde dezakegu. (Ikusi adibideak hemen Maiz egiten diren galderak.)

Gogoan izan zenbait datu behin betiko geratuko direla erregistratuta, eta ikusgai egongo direla, adibidez, zure IP helbidea (saioa hasi gabe aldaketarik egiten baduzu) eta Wikimedia orrietan egiten dituzun ekarpenak.

Informazio garrantzitsua

Wikimedia fundazioa eta erabiltzaileak babeste aldera, Pribatutasun Politika honekin ados ez bazaude, ez erabili Wikimedia orriak.

Non dago fundazioa eta nola eragiten dit horrek?

Wikimedia fundazioa irabazi asmorik gabeko elkartea da, egoitza San Frantziskon (Kalifornia) duena, eta zerbitzariak eta datu-lantegiak AEBn. Wikimedia orriak erabiltzea erabakitzen baduzu, AEBn bertan zein munduko beste edozein lekutan, automatikoki baimena emango diguzu AEBn zure informazio pertsonala biltzeko, transferitzeko, gordetzeko, prozesatzeko, zabaltzeko eta beste modu batzuetan erabiltzeko, Pribatutasun Politika honetan azaldutako moduan. Horrez gain, onartzen duzu zerbitzua emateko zure datuak beste herrialde batzuetara transferitu behar ditugula, eta beharbada horietan datuen babesari buruzko legeak desberdinak direla (ez zure herrialdean daudenak bezain zorrotzak).

Gure jokabidea Do Not Track (DNT) seinaleen aurrean

Konpromiso irmoa hartu dugu hirugarrenekin informazio pertsonalik ez partekatzeko. Zehazki, ez dugu baimentzen bisitatu ez dituzun webguneek, hirugarren pertsonenak, jarraipena egitea (horien artean, analisi-zerbitzuak, publizitate sareak eta plataforma sozialak), eta ez dizkiegu zure datu pertsonalak ematen marketin helburuak dituzten hirugarren pertsonei. Politika honetan ezarritakoaren arabera, egoera jakin batzuetan baino ez dugu partekatuko zure informazio pertsonala. Horiei buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakurri “Noiz partekatuko dugu zuri buruzko informazioa?” atala.

Erabiltzaile guztiak babestu nahi ditugu, beraz, gure jokabidea beti berbera da web nabigatzaileek arrastoari ez jarraitzeko (“Do Not Track”) bidaltzen dituzten seinaleen aurrean.

DNT seinaleei eta horien aurrean dugun jokabideari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, irakurri Maiz egiten diren galderak.

Aldaketak Pribatutasun Politikan

Denborak aurrera egin ahala gauzak aldatu egiten dira, eta Pribatutasun Politika hau gure jarduerarekin eta indarrean dagoen legediarekin bat etortzea nahi dugu. Hori dela eta, baliteke noizean behin Pribatutasun Politika aldatu behar izatea. Erreserbatzen dugu aldaketak egiteko eskubidea, jarraian azaltzen den moduan:

  • Aldaketa esanguratsuak egin nahi direnean, aldaketa horien berri emango diegu gure erabiltzaileei, gutxienez hiru (3) hizkuntzatan (geuk aukeratutakoak), eta hogeita hamar (30) eguneko epea utziko diegu nahi beste iruzkin egiteko. Iruzkinak egiteko epe horren aurretik, aldaketen eta zure iritzia emateko aukeraren berri emango dizugu, Wikimedia orrien, iragarki baten (WikimediaAnnounce-L) edo antzeko posta-zerrenda baten bidez.
  • Aldaketa txikiak direnean, adibidez, gramatika zuzentzea, aldaketa legal edo administratiboak, edo argi ez dagoen esaldiren bat birformulatzea, posible badugu, erabiltzaileei aldaketen berri eman eta gutxienez hiru (3) eguneko epea utziko diegu, iragarkia egin (WikimediaAnnounce-L) edo antzeko posta-zerrenda baten bidez jakinarazpena bidali ondoren.

Mesedez, irakurri gure Pribatutasun Politikaren azken bertsioa. Pribatutasun Politikaren bertsio berria indarrean sartu ondoren Wikimedia orriak erabiltzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu Pribatutasun Politikan ezarritakoarekin ados zaudela. Pribatutasun Politikaren bertsio berriak indarrean sartu ahala Wikimedia orriak erabiltzen jarraitzen baduzu, arestian aipatu den bezala, ulertuko dugu Pribatutasun Politikan ezarritakoarekin ados zaudela.

Jarri gurekin harremanetan

Pribatutasun Politika honi edo horren bidez babesten den informazioari lotutako galderarik edo iradokizunik baduzu, bidali mezua privacy@wikimedia.org helbidera edo jarri gurekin harremanetan zuzenean.

Eskerrik asko!

Eskerrik asko gure Pribatutasun Politika irakurtzeagatik. Espero dugu Wikimedia orriak zuretzat atsegingarriak izatea, eta eskertzen dugu doako ezagutzen munduko gordailurik handiena elikatzeko, mantentzeko eta etengabe hobetzeko egiten duzun ekarpena.

Gogoan izan Pribatutasun Politika honen jatorrizko bertsioaren (ingelesez) eta itzulpenen artean desadostasunik egonez gero, ingelesezko testua gailenduko dela.

Pribatutasunarekin lotura duten orriak