Jump to content

Basque Wikimedians User Group/Reports/Wikimania 2017 Edurne

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki

SARRERA

[edit]

2017ko abuztuaren 9tik 13ra Montrealen ospatu zen Wikimania 2017 jardunaldian izandako partaidetzaren ekarpen nagusiak bilduko ditut txosten honetan. Partaidetza hau EWKEk bere hezkuntza proiektuan duen beka bati esker lortu dut, proiektu horretan idazkari eta administrari gisa lanean arituko bainaiz.

Lehen bi egunak Learning Days jardunaldiek osatu zuten. Bertan alor ezberdinetako gai ugari landu ziren, proiektu asko aurkezteko aukera egon zen lightning talks bezala eta mahai-inguru bezala antolatuta, bertan bildutako guztiok gure esperientziak kontatu ahal izan genituen. Talde murriztu batek hartu genuen parte bi egun hauetan eta gertuko harremanak izateko aukera eman zuten. Wikimania jardunaldien hiru egunetan, eraiki zuten programa kontuan hartuta, hautaketa egin behar zen saioen artean, askotariko gaiak lantzen baitziren paraleloki. Aurrean dugun proiektua kontuan hartuta, hezkuntza saio guztiak hautatu nituen eta arlo honetako saiorik ez zegoen uneetan GLAM arlokoak eta lightning talks-ak, sortu daitezkeen proiektuetarako ideiak hartzeko asmoz.

WIKIMANIA 2017, EKARPENAK

[edit]

HEZKUNTZA

[edit]

Hezkuntza arloko saio guztietan hartu da parte, mundu mailan egin diren proiektuen berri izateko, arlo honetako kontaktuak egiteko, ideiak hartzeko eta erabilgarriak diren tresnak ezagutzeko.

Hezkuntza proiektuak antolatzeko ereduak azaldu ziren, bete beharreko pauso bakoitza azalduz, eta guk eraiki dugun proiektuarekin alderatu ahal izan genuen zer mantendu edo zer aldatu ikusteko. Wiki Education-eko programa prozesu mapa ere erakutsi zuten eta aintzat hartu genezake gure hezkuntza proiekturako. Ebaluazioan eta emaitzen neurketan enfasi nabarmena egin zen jardunaldietan eta zentzu honetako tresna ugari aurkeztu zituzten. Dashboard izan da tresna erabilgarri bat adibidez, gure hezkuntza proiektuan erabiliko duguna ziurrenik eta ebaluazio tresna bezala lan egingo duena.

Proiektu orok izan behar duen dokumentazioa ere azaldu zuten, Case Study eta Report-ak nola egin adibidez. Honek berebiziko garrantzia du proiektua eta bere emaitzak aurkeztu ahal izateko eta gure hezkuntza proiektuan egin beharko ditugunez, oso erabilgarria izan zen zehazki jakitea nola egin behar diren fundazioko onarpena izateko.

Hezkuntza arloan sortu diren bilkura informalak ere nabarmendu nahi nituzke, izan ere, saio gehienetan alor berdinean interesa genuen pertsona ia berdinak biltzen ginen eta guztiekin hitz egiteko aukera egoten zen. Horrela, beste elkarteek egiten dituzten proiektuak ezagutu, beraien arrakasta eta akatsak, ideiak batu eta esperientziak konpartitu ahal izan ziren. Gure hezkuntza proiektuak interes handia sortu zuen, bai beste erabiltzaile taldeetan eta baita Wikimedia Fundaziotik ere. Hain zuzen, Wiki Education-eko LiAnna Davis eta Vahid Masrour-ekin harremanak estutu ahal izan genituen.

PLANGINTZA, AURREKONTUAK ETA DIRU LAGUNTZAK

[edit]

Wikimania aurreko ikastaro egunetan Tools Rotation saio batean proiektuen plangintza eta aurrekontuen kudeaketa landu ziren, WF-ren onarpena duten formatuak ezagutuz. Gainera, diru laguntzen funtzionamendua eta hauek nola eskatu azaldu ziren, egin beharreko pausu guztiak eta beharrezko tresnak emanez. Fundazioan arlo hauetan lan egiten duten pertsonekin harremanetan egotea lortu nuen, etorkizunean lagungarri izango zaidana.

GLAM

[edit]

Arlo honetako saio batzuetan parte hartu ahal izan da Montrealeko jardunaldietan. Mundu mailan egiten ari diren programak ezagutu, esperientzietatik ikasi eta ideiak hartu ahal izan dira. Talde txikiko aurkezpenak izan ohi ziren eta honek asko bultzatzen zuen jendeak bere esperientzia elkarbanatzera, mundu mailan garatu diren proiektuak, zailtasunak eta lortutako emaitzak ezagutzeko. Adibidez, SUPSI Suitzako Unibertsitateak bertako Wikimediarekin garatutako GLAM Visual Tool ezagutu ahal izan zen, emaitzen neurketarako tresna oso erabilgarria. Gainera, Alex Stinson Wikimedia Fundazioko GLAM arloko arduradunarekin harremanak estutu ahal izan ziren eta bere interesa erakutsi zuen Euskal Herriko esperientziaz.

HIZKUNTZA GUTXITUETAKO WIKIPEDIAK

[edit]

Montrealen egin diren saioetan Euskarazko Wikipedia sarritan aurkeztu badugu ere, hizkuntza gutxituetako wikipedien bilkura bat deitu genuen elkar ezagutu eta esperientziak elkarbanatzeko. 14 pertsona bildu ginen bertan, bakoitzaren kasua ezagutu genuen eta guztion arteko komunikazioa sustatzeko bideak landu genituen. Bilkura honetan hizkuntza gutxituen arloko Meta-Wiki orrialde bat irekitzea proposatu zen eta agian Facebook orrialde bat komunikazioa sustatzeko. Modu honetara, guretzat aberasgarria izateaz gain Wikimedia mugimenduan ere gure presentzia indartuko genuke komunitate bezala.

Bilkuran aipatu zen bezala, Wikimania 2017 honetan Afrikako ordezkari gutxik hartu dute parte, bisatuen arazoa zela medio. Horregatik, bilkura honetan ordezkari gehiagok egon beharko luketela azpimarratu zen eta posible dela gure ekintzetara batzea etorkizunean. Ziurrenik, Wikimania 2018, Hego Afrikan ospatuko dena, izango da beraien egoera eta esperientziak jasotzeko unea.

MUGIMENDUAREN IKUSPEGI OROKORRA

[edit]

Nire Wikimania 2017ko partaidetzak izan duen probetxu handiena mugimendu osoaren ikuspegia izan da. Wikimedia mugimenduan berria izanik, mundu mailako erakundearen berri izateak eta bertan lan egiten duten pertsonekin harremanak estutzeak mugimenduaren ikuspegi orokorra eman dit. Fundazioaz aparte, mugimenduan murgilduta dauden erabiltzaile taldeak, atzean dauden pertsonak, egin diren eta martxan dauden proiektuak, etab. ezagutzea oso aberasgarria izan da. Iceberg bat balitz bezala, oso gutxi nekiela konturatu naiz eta azpian dagoena ikusi dut, mugimendu erraldoi eta oso sendoa.

Mundu mailako elkarteen hezkuntza proiektuak ezagutu ahal izan ditut, gure proiekturako ideiak hartuz eta harremanak sortuz, bai esperientziak elkarbanatzeko baita behar izanez gero laguntza eskatzeko ere. Wikimania 2017 nire mugimendurako sarbidea izan da, aurrean dugun proiekturako beharrezkoak diren kontaktu, ideia eta tresna asko dakarzkit nirekin.